AHT: Ekainak 2 mobilizazio nazionala eta giza katea Hernanin
| Deialdiak | Ekologia | Erresistentzia Globala |
Euskal Herriko Indymedia , 12.05.2012 13:56
AHT GELDITU! ELKARLANAK URUMEAKO BAILARAN EUSKAL Y AREN OBRAK KALTETURIKO EREMURA MOBILIZAZIO NAZIONALA DEITU DU EKAINAREN 2AN: |
Hori dela eta, arratsaldeko 17,00etan Hernaniko Osinaga auzoko Elorrabi sagardotegiko aparkalekutik abiatuta egingo den mobilizazio honetan parte hartzeko dei egiten diegu AHTren aurkako iritzia duten pertsona eta erakunde guztiei. Hain zuzen, herriaren erdialdetik 2 kilometrotara dago AHTren obrak kalteturiko Elorrabiko erribera hori, eta bertan, AHTa salatzeko egun berean herrian antolatu den Urumeako ibaiaren jaitsierari babesa emateko ibaiertzean 15?30etarik aurrera egingo den elkarretaratzearen ondoren, 17,00etan abiatuko da AHTak Hernaniko Osinaga auzoan kalteturiko sagagardotegi eta baserri lurrak bidez-bide inguratuko dituen giza-katea. Hortaz, ahalik eta herritar gehien mobilizazio egun honetara biltzeko dei egiten dugu, AHTren eraikuntza-lanek Urumea bailarako bazter hauetan eragiten ari diren hondamena bertatik bertara salatzeko eta proiektu txikitzaile honen aurkako herritarren errefusapena adierazteko.
Egun honek, bestalde, protestan parte hartzeko aukera desberdinak emango ditu, bai Hernaniko AHTren aurkako taldeak deituta Ereñozutik goizeko 11ak aldera abiatuko den Urumearen jaitsierara bilduz eta bai arratsaldeko 17,00etan Elorrabitik abiatuta AHTren obrak kalteturiko ingurura egingo den giza-katean parte hartuz. Oinezko martxa hori Karabelgo zubian amaituko da, eta hor ibaiaren jaitsierako baltseroek egingo duten kalejirarekin elkartuta, herri-gunean AHTren aurka manifestatuko gara.
AHT GELDITU ELKARLANAren hitzaldi zikloaren egitaraua:
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Jarraitu barruan>>>>
Ekainaren 2an mobilizatzeko deialdia egitearekin batera, AHT GELDITU! Elkarlanak gogor salatu nahi du Gasteizko, Iruñeko eta Espainiako Gobernuek, murrizketa sozial izugarriak pairatzen ari garen une honetan, 831 milioi euro inguru xahutu asmo dutela aurten AHTren lanetan: horietatik 695 milioi euro Euskal Y-an eta beste 136 milioi euro Nafar Korridorean. Hots, jendarteak dauzkan behar ekonomiko, sozial eta kulturalak aintzat hartu gabe eta ingurumenari izugarrizko kaltea eraginez, ?inbertsio? publikoa delakoaren osoaren %60 baino gehiago AHTren obran alperrikaltzera doaz. Esan nahi baita, gutxi axola zaizkiela murriztuak izaten ari diren edota zuzenean bete gabe gelditzen ari diren behar sozialak, etxebizitzari, hezkuntzari edota osasunari dagozkionak, baita bizi garen lurralde aski hondatuan AHTren lanekin eragiten ari diren itzulerarik gabeko kalteak ere. Era eskandalagarrian, geroz eta handiagoa da AHTren lanetan egiten den gastua eta egitasmo honen ?arrakasta? eraikitzen ari diren kilometroen kopuruan neurtzen dela ematen du besterik gabe, gobernuek krisiaren kostuak sektore herrikoien bizkarretan kargatzen dituzten eta eguneroko bidegabekeriak gogortzen doazen bitartean. Horregatik, gobernuek AHTan egiten ari diren baliabide publikoen xahuketa itzel hori salatzen dugu, ingurumenari kalte latzak eragiteaz gain jadanik ondorio sozial oso larriak ere ekarri dituelako berekin, egitasmo erraldoi horren funtsezko izaera anti-soziala, anti-ekologikoa eta xahutzailea ageriagoan jarriz.
Horrenbestez, AHT GELDITU! Elkarlanak berriro dio arrazoi asko dagoela egitasmo honen obrak gelditzeko eta AHTa sekula abian jarri behar ez den munstrokeria bat dela esateko. Besteak beste, Euskal Y-aren errentagarritasun ekonomikoa eta AHTren erabilgarritasun soziala hutsak izateaz gain, jendartean inolako adostasunik eta zilegitasun publikorik gabeko azpiegitura handi horren eraikuntzak eta funtzionamenduak zuzenean kalteturiko herrien ingurumenari eta bizi-kalitateari eragindako kalte latzak azpimarratu behar dira.
Honi dagokionean, AHTren eraikuntza-lanek lurraldearen kudeaketan herrien eta udalen subiranotasuna zeharo zapuztuz nola aurrera darraiten ikustea baino gauza iraingarriagorik ez dago: Hernaniko udalerrian, kasu, AHTren inpaktu bortitza dela-eta Urumea bailaran eta Onddi-Adarra mendi magalean ongi kontserbaturiko nekazaritzarako lur-eremuak eta baserrialdeak duela zenbait astez geroztik erabat degradatuak izaten ari dira. Herri-ondare aparta eta Gipuzkoako nekazaritza-zonarik onenetakoa den ingurune hori gupidarik gabe suntsitua, zatikatua eta hormigonatua izaten ari da, paisaiari kolpe latza emanez eta bertakoek hain gogoko duten natur zein baserri giroko ingurune horren hondamena eraginez; eta galera honi AHTren egitasmoak Urumea ibaiaren ibaiertzetan eta erriberetan eragindako suntsiketa gehitu beharko zaio gero, non azpiegitura handi hori itzelezko aberrazio urbanistikoa izango den, bailara erabat erdibituko duen porlanezko itzelezko langa artifizial bat altxatuz Urumea behin eta berriz gurutzatuko duten biadukto eskergekin. Ez alperrik, Eusko Jaurlaitzak berak Euskal Y-aren egitasmo osoko inpaktu handiena eta garrantzitsuena Urumea bailaran sortaraziko zela onartu egin zuen, egitasmoak eragindako kalteen berebiziko larritasuna aitortuz. Bestela esateko, AHTren megalomaniak lurraldea suntsitzen du eta Urumea garraio azpiegitura handien eragipean itota eta setiatuta geratzen ari da, harik eta Urumeako Autobidearen, A-8 Autopistaren Bigarren Gerrikoaren eta orain Euskal Y-aren pilaketarekin, bailara beldurgarrizko zonalde periferiko eta gris batean bihurtu arte, lurraldearen natur balioei nahiz landa eremuko ondasunei eta beraz herri osoari galera nabarmena ekarrita.
Horregatik guztiagatik, Elkarlan honek AHTren zentzugabekeria ekologikoa, soziala eta ekonomikoa berriro ere salatu eta berori geldiarazteko borrokarekin aurrera segitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan ere, AHTren aurkako erantzuna gure ustez etorkizunari begira egindako apostu bat ere bada, hain zuzen ere ekologikoki jasangaitza den eta sozialki geroz eta gehiago zalantzan jartzen ari den egungo eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakon baten alde egindako apostua. Hau da, auzi honetan gure herriarentzat nahi dugun garapen-ereduaren, lurralde antolaketaren eta, azken batean, jendarte ereduaren giltzarrietako asko gordetzen dira. Eta ondorioz, gaur egun sistema kapitalistaren aurrean bestelako alternatibak eraikitzeaz eta euskal herritarrek beren etorkizunaren gainean erabakitzeko duten gaitasunaz zuzenki geroz eta gehiago hitzegiten denean, ezin dugu ingurumenean eta gizartean dituen eragin bortitzengatik eta bere kostu ekonomikoen tamaina itzelarengatik gure herriarentzat edonolako gizarte eta ekonomia eredu alternatibo hipotekatzea dakarren megaproiektu horren inposizioa onartu. Hori denagatik, ekainaren 2an Hernanin AHTren obrek kalteturiko eremura egingo den mobilizazioan parte hartzeko dei egiten dugu.
Sostengu bilketa eta deialdia zabaltzeko laguntza:
Ekainaren 2an Hernanin egingo den mobilizazioaren deialdia sostengua eman nahi dioten era guztietako talde eta erakundeen atxikimenduei zabalaik dago. Bestalde, deialdia zabaltzeko materiala eskuratu nahi baduzue (kartelak, hitzaldien egitarauaren trptikoak?), harremanetan jar zaitezte. Zuen parte hartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzen lagunena ere.AHTren kontrako 11 aurkari epaituko dituzte maiatzaren 29an Donostian:
Halaber, AHT GELDITU! Elkarlanak datorren maiatzaren 29an Donostian epaituko dituzten AHTren kontrako 11 aurkariekiko elkartasuna agertzen du. Auziperatuei 2 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dizkiete 2008ko abuztuaren 3an hiri-erdialdean egin zen AHTren kontrako protesta ekintza batean parte hartzeagatik. Epaiketa 10etan hasiko da. Hori dela eta, epaitegiaren aurrean goizeko 9?30etatik aurrera egingo den sostengu kontzentraziora biltzeko dei egiten dugu. Izan ere, epaiketa honen harira, bai eta Yolanda Barcina nafar lehendakariari tartak botatzeagatik Espainiako Entzutegi Nazionalean 4 eta 10 urte bitarteko espetxe zigor neurrigabekoak eskatzen dizkieten AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduko lau ekintzaileen kasuan ere, gobernuek borroka sozialekiko errepresioa gogortzen ari direla salatzen dugu, herritarren askatasuna are gehiago murriztuz eta desobedientzia zibilia kriminalizatuz.Desjabetzen aurkako kontzentrazioak:
-Adunan, maiatzaren 23an, goizeko 8?30etan Udaletxearen atarian.
-Andoainen, maiatzaren 29an, 8?30etan Udaletxearen aurrean.
Rio+20 Garapen Iraunkorraren Gailurrari erantzuteko eta Val Susako NO TAV Mugimenduaren irakaspenak partekatzeko hitzaldi zikloa antolatu du Elkarlanak:
Azkenik, egun horietan hainbat herritan hitzaldiak eta eztabaidak antolatu ditu Elkarlanak, ekainean ospatuko den Nazio Batuen Rio+20 Garapen Iraunkorraren Gailurrari erantzuteko eta Val Susako NO TAV mugimenduarekin bat egiteko. Garapen Iraunkorraren mitoa hutsik. AHT GELDITU! izenburupean egingo den hitzaldi ziklo honekin, Val Susako AHTren aurkako mugimenduaren irakaspenak partekatu eta nazioarte mailan Rio+20 Lurraren Gailurra dela eta sortu diren ekimen eta ahots kritikoekin bat egingo dugu, hain zuzen ere azken 20 urteotan hainbeste entzundako garapen iraunkorraren eta kapitalismo berdearen aldeko diskurtso ofizialen atzean, mundo osoan ezin konta ahala iharduera eta politika erasokor ezkutatu dela agerian jartzeko (egitaraua ikusi).Urrunera joan gabe, agintari gehienen esanetan AHTa eta Jaizkibelgo Superportua ?jasangarriak? lirateke, baita azken aldian Gipuzkoan azpiegituren inguruko eztabaidan arreta bizia bereganatu duen errauskailua ere noski. Azken honi gagozkiola, AHT GELDITU! Elkarlanak Zubietako errauskailuaren egitasmoa behin-betiko albora uzteko eskaerarekin bat egiten du, hondakinen errausketa oso kutsakorra, zentralizatzailea eta xahutzailea izateaz gain, FCC eta Cementos Portland bezalako industri korporazio eta eragile pribatu boteretsuen interesei men egiten dielako; aldiz, atez-ateko hondakinen gaikako bilketa sustatu behar dela uste dugu, batetik birziklapen emaitzarik onenak ematen dituen sistema delako, eta bestetik, oso nabarmenki gainera, hainbeste hondakin kaltegarri sortzen dituzten egungo produkzio-era eta ohitura kontsumistak zalantzan jartzera eramanik egundoko balio pedagogikoa duelako, atez-atekoak zaborren arazoari konponbidea emateko denon ardura komunari dei egin eta beste modu batean bizitzera gonbidatzen bait gaitu.
INFO GEHIO:
AMALURRARI EPAIKETARIK EZ!!Hitzaldiak: AHT eta Desobedientzia Zibila
Fotos, Hernani, obras del TAV
ahtgelditu@ahtgelditu.org
No hay comentarios:
Publicar un comentario